Skip to main content
Estatuko Iruzurraren aurkako Bulego eta Agentzien Sarearen XIII. Topaketan parte hartu dutenen argazkia
26 Oct

Iruzurraren aurkako bulego eta agentziek Bartzelonako Adierazpena sinatu dute. Bertan, ustelkeriaren aurkako prebentzio eta borrokako erakundeak indartzea gomendatzen dute, demokrazia eta zuzenbide-estatua hobetzeko

Adierazpenak beharrezkotzat jotzen du erakunde horien independentzia bermatzea, behar adina baliabide ematea eta horien aldeko lege-neurriak onartzea.

Urriaren 16an eta 17an, Estatuko Iruzurraren aurkako Bulego eta Agentzien Sarearen XIII. Topaketa egin da Bartzelonan. Bere lanen ondorio gisa, adierazpen bat onartu da, ustelkeriaren aurkako prebentzioa eta borroka eta salatzaileen babesa bultzatzeko.

Bartzelonako Adierazpenetik ondorioztatzen da kezka handia dagoela ustelkeriaren aurkako hainbat erakunde kendu eta ahuldu direlako, bai maila lokalean, bai maila autonomikoan. Ustelkeriaren aurkako bulegoak eta agentziak ezabatzeak demokrazia ahuldu egiten du, eta Garapen Jasangarrirako 16. helburutik eratorritako betebeharraren aurkakoa da, zuzenbide-estatua eta justizia indartuko dituzten erakunde sendoak eraiki nahi baititu. Ustelkeriaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioak ezarritako konpromisoen kontrakoa ere bada, botere publikoak behartzen baitituzte halako erakundeak sortzera edo, dagoeneko existitzen badira, sendotzera.

Adierazpenean lau gomendio zehatz ematen dira. Lehenik eta behin, gomendatzen da lehendik dauden ustelkeriaren aurkako prebentzio- eta borroka-erakundeen independentzia berma dadila, eta haien gaitasuna indartu dadila, horretarako behar diren baliabideak esleituz eta beren eginkizunak behar bezala betetzeko behar diren eskumenak onartuz.

Bigarrenik, adierazpenean azpimarratzen da autonomia-erkidegoetako eta tokiko lege-neurriek eta horien garapenek ez dutela eragin behar ustelkeriaren aurkako prebentzioan eta borrokan atzerakada edo murrizketa, ezta 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren transposizioan Espainiako Estatuan bermatutako informatzaileen babes-mailan ere; aitzitik, xedapen onuragarriagoak sartu behar dira.

Hirugarrenik, Adierazpenak gomendatzen du ustelkeriaren aurkako prebentzio- eta borroka-funtzioak eta informatzaileen babesa dagokion autonomia-erkidegoko agintariek gauzatzea, arlo horretan independenteak eta eskarmentudunak baitira.

Laugarren eta azken gomendioa da ustelkeriari aurrea hartzeko eta haren aurka borrokatzeko eta informatzaileak babesteko hartutako neurri eta xedapenetan gizarte zibil antolatuak eta salatzaileen ordezkariek parte-hartzea, ekarpen hori ezinbestekoa baita integritatearen eta gardentasunaren kulturan, interes publikoaren defentsan eta demokraziaren hobekuntzan.

Bartzelonako Adierazpena sinatu duten sareko kideak hauek dira: Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoa, Valentziako Erkidegoko Iruzurraren eta Ustelkeriaren Aurkako Prebentzio eta Borrokarako Agentzia, Balear Uharteetako Ustelkeriaren Aurkako Prebentzio eta Borrokarako Bulegoa, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa eta Andaluziako Iruzurraren Aurkako Bulegoa. Norbanako gisa, Rosa M. Sánchez andreak eta Simón Rego Vilar jaunak ere sinatu dute.