Iruzurraren aurkako bulego eta agentzien estatuko sareak apustua egiten du koordinatzeko eta eskumenak ituntzeko, iruzur- edo ustelkeria-ekintzen informatzaileak eraginkortasunez babesteko
Iruzurraren Aurkako Bulego eta Agentzien Sarearen XII. Topaketa egin da apirilaren 17an eta 18an Andaluziako Parlamentuan. Helburua izan da otsailaren 20ko 2/2023 Legea, arau-urratzeei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestekoa eta ustelkeriaren aurka borrokatzekoa, aplikatzeak dakartzan erronka komunak aztertzea, martxoaren 13an indarrean jarri ondoren.
Topaketan parte hartu duten agintariek lege horren hainbat alderdi landu dituzte, hala nola arauaren aplikazio-eremua eta indarrean dauden araudi autonomikoekin duen lotura, salatzailearen eskubide-arloa, edo sortuko den Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen eginkizunak.
Bi lan-jardunaldietan egindako azterketa bateratuaren ondorioz, egiaztatu da beharrezkoa dela koordinazio-mekanismoak ezartzea, lege berria aplikatzeak informatzailearen babes-maila murriztu ez dezan, indarrean dauden autonomia- eta toki-araudiek ustelkeriaren aurkako borrokan maila hori bermatzen zuten lurraldeetan.
Gai horretan eskumena duten erakunde guztien arteko lankidetza aktiboa sustatzeko apustu ausart horrek autonomia-erkidegoetako araudiak Legera egokitzeari buruzko gaiak argitzeko balioko du, Legea modu homogeneoan aplikatuko dela bermatzeko, herritarrak babesteko aurreikusitako neurriak eraginkorragoak izateko, eta baliabide publikoen erabilera optimizatzeko.
Beste eztabaidagai bat izan da Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentea erakunde berriaren konfigurazioa eta eginkizunak. Estatuko organo horren sorrerak ez luke mugatu behar autonomia- eta toki-agintaritzen ekintza-ahalmena. Ildo horretatik, Sareak ezinbestekotzat jotzen du ahaleginak batzea eskumenak benetan ituntzeko, administrazioaren maila guztietan erantzun koordinatu eta eraginkorra ziurtatu ahal izateko, bakoitzaren eskumenen jardun-eremua edozein dela ere.
Andaluziako Iruzurraren eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak antolatu du topaketa, eta honako erakunde hauen ordezkariek parte hartu dute: Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoa, Valentziako Iruzurraren Aurkako Agentzia, Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa, Balear Uharteetako Iruzurraren Aurkako Prebentzio eta Borrokarako Bulegoa, Analisi Zerbitzuen Zuzendaritza (Bartzelonako Udaleko Postontzi Etikoa eta Gobernu Onekoa kudeatzen duen organoa), Madrilgo Udaleko Iruzurraren eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa, Iruzurraren Aurkako Koordinaziorako Zerbitzu Nazionala, Kontratazioa Erregulatzeko eta Ikuskatzeko Bulego Independentea, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala eta, behatzaile gisa, Galiziako Kontuen Kontseilua.