Skip to main content
Oana webgunearen orri nagusia
17 Aug

Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak abian jarri ditu salaketen kanpoko kanala eta webgunea

Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak (OANA) salaketen kanpoko kanala sortu eta abian jarri du. Kanal hori https://canal.oana.es helbidean egongo da eskuragarri, eta, era berean, esteken bidez, erakundearen https://oana.es/eu webgune berrian ere dago erabilgarri.

Horrela dago jasota Edurne Eginoa Antxo Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoko zuzendariaren ekainaren 26ko 4/2023 Ebazpenean, zeinaren bidez gaitzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren salaketen postontzia edo kanpoko kanala (kanpoko informazio-kanala), Bulegoa sortzen duen maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 12. artikulua betetzeko. Kanala uztailaren 12an jarri zen indarrean, aipatu ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean uztailaren 11n argitaratu ondoren.

Kanpoko informazio-kanala da, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 16. artikuluan aurreikusitakoa. Lege horren bidez, arau-urratzeei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesten dira eta ustelkeriaren aurka borrokatzen da.

Kanala herritarren eskura jartzen da, gertatzen diren ekintza edo omisioei buruzko salaketak edo informazioak aurkeztu ahal izateko Bulegoaren jardun-eremuan, hau da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren menpeko erakundeak, enteak, entitateak, fundazioak, partzuergoak eta enpresa publikoak; Nafarroako toki entitateak eta haien menpeko erakundeak, enteak, entitateak, fundazioak eta enpresa publikoak; Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta haren menpeko ente, entitate, fundazio eta erakundeak; eta alderdi politikoak, erakunde sindikalak eta enpresa erakundeak, eta haiei loturik dauden fundazio eta elkarteak, legeak ezarritako kasuetan.

Salaketak anonimoak izan daitezke

Kanal horren bidez, salatzaileak iruzurra, ustelkeria edo interes-gatazka eragin dezaketen gertaerei buruzko informazioa salatu edo jakinarazi ahalko du. Uneoro bermatzen da emandako informazioaren zehaztasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna. Salaketa eta komunikazio izendunak aurkezteaz gain, anonimoak ere onartuko dira. Hain zuzen, azken modalitate hori gomendatzen da, anonimoa, komunikazioak onartzeko kanala segurua baita, prozesu osoan anonimotasuna bermatzeko, komunikazioak bi norabidekoak izateko eta salatzailearen gailu elektronikoa ezkutatzeko aukera ematen duelako.

Bulegoaren webgunea sortu da

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak bere webgunea jarri du abian, bere helburua, esparrua eta jarduera-ardatzak ezagutarazteko eta herritarrentzako komunikazio- eta salaketa-bideak ezartzeko. Gainera, webean, Bulegoaren lan prebentiboa deskribatzen da. Horren bidez, sektore publikoko kargu eta langileentzako Etika eta Jokabide Kode berria idatzi eta aplikatuko da, jardueren eta interesen erregistroa kudeatuko da eta administrazio publikoentzako eta herritarrentzako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak gauzatuko dira.

Bulegoa erabat eraginkor izateko bidean da

Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren helburua da ustelkeria-kasuak prebenitu eta ikertzea, jardunbide onak sustatzea eta Nafarroako administrazioetan eta sektore publikoan integritate publikoa gordetzea. Webgunea eta salaketen kanala abian jartzearekin, Bulegoak bere eginkizunak erabat betetzeko bidean jarri da, eta eraginkortasun osoa lortuko da eginkizunak betetzeko behar adina langile eta baliabide dituenean.