Salaketa
- Internet bidez, salaketa-postontziaren bidez.
- Posta elektronikoz, helbide honetan: denuncias@oana.es
- Bertartatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren erregistro orokorrean (Baiona etorbidea, 36, 1 A, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara) edo administrazio publikoen edozein erregistrotan.
- Informazio gehiago nahi baduzu, edo hitzezko salaketa egiteko hitzordua, deitu 848 423275 telefonora.
Salaketak idatziz dokumentatu behar dira.
Salaketa jartzeko telefono linea bat edo ahots mezuak emateko beste sistemaren bat, grabaketarekin, erabiltzen denean, salatzailearen adostasuna adierazi zain, salaketaren tratamenduaren ardura duten langileek salaketa dokumentatuko dute, haren transkripzio osoa eta zehatza eginez, eta salatzaileari eskainiko diote transkripzioa egiaztatu, zuzendu eta onartzeko aukera, bere sinaduraz berretsi dezan.
Salaketa jartzeko telefono linea bat edo ahots mezuak emateko beste sistemaren bat, grabaketarik gabe, erabiltzen denean, salaketaren tratamenduaren ardura duten langileek salaketa dokumentatuko dute, elkarrizketaren akta zehatza eginez, eta salatzaileari eskainiko diote elkarrizketaren akta egiaztatu, zuzendu eta onartzeko aukera, bere sinaduraz berretsi dezan.
Pertsona batek eskatzen duenean Bulegoko langileekin elkartzea salaketa jartzeko asmoa duelako, salaketaren tratamenduaren ardura duten langileek bilera dokumentatuko dute, haren akta zehatza eginez, eta salatzaileari eskainiko diote bileraren akta egiaztatu, zuzendu eta onartzeko aukera, bere sinaduraz berretsi dezan.
Kasu horietan, salatzaileari jakinarazi behar zaio bere sinaduraz balioztatu behar duela aurreko paragrafoetan aipatutako transkripzioa edo aktak, salaketa erregistratu ahal izateko.
Salaketa anonimoa izan daiteke, eta salaketa-postontziaren bidez aurkez daiteke, salaketa anonimoaren gunean.
Salaketa-postontzia komunikazioak onartzeko kanal segurua da, aukera ematen baitu prozesu osoan anonimotasuna bermatzeko, komunikazioak bi norabidekoak izateko eta salatzaileak sarera konektatzeko erabiltzen duen gailu elektronikoa (IP helbidea) ezkutatzeko.
Bi aukera daude salaketa edo komunikazioa modu anonimoan aurkezteko:
- Nabigatzailea erabiliz, baina identifikazio- edo kontaktu-datuak eman gabe. Kasu horretan, komunikazioa egiteko erabili den IParen arrastoa gordetzen da, eta agintari eskudunek Bulegoari eska diezaiokete arrasto hori.
- Ingurune digitalean komunikazioaren eta IParen anonimotasuna erabat bermatuz, anonimizazio sare bat erabiliz. Gehien erabiltzen den tresna TOR sarea da. Sare hori erabiltzeko modurik errazena da Tor Browser nabigatzailea deskargatzea https://www.torproject.org/download/download-easy.html web-orritik, eta instalatzea.
TOR sarea, funtsean, doako eta kode irekiko softwarea da, Interneten pribatutasuna eta segurtasuna hobetzeko aukera ematen duena. Internetera TOR bidez konektatzean, konexioa tunel zifratu batzuetatik pasatzen da helburura bideratu aurretik, eta horrek informazio-iturria arakatzea zailtzen du. Horrela, salaketa-postontzira konektatzen den pertsonaren identitatea babesten da.
Administrazio publiko eta, oro har, sare korporatibo askotan, sare horiek administratzen dituenak TOR deskarga-orrira sartzea eragozten du edo hari zuzendutako trafikoa iragazten du; beraz, software hori erabiltzeko, beharrezkoa izan daiteke erabilera pertsonaleko ordenagailu batetik sartzea.
TOR erabiltzen den bitartean, komeni da gainerako nabigatzaileak eta aplikazioak ixtea.
Pertsona guztiek dute Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegora jotzeko aukera, jarduketen edo jokabideen gaineko informazioa emateko edo egitateak salatzeko, uste badute iruzurra, ustelkeria edo interes gatazka sortzen dutela edo interes orokorraren aurkako jardunbide iruzurtiak direla.
Agintariek, enplegatu publikoek eta entitate zein erakunde publikoetan lanean ari diren pertsona guztiek Bulegoari jakinarazi behar dizkiote, ezagutu orduko, Bulegoaren ikerketa edo ikuskapenaren xede izaten ahal diren egitateak, ukatu gabe zigor legedian aurreikusita dauden betebeharrak.
Salaketa edo komunikazioa aurkeztu ondoren, aztertuko da salatutako egitateak sinesgarriak diren, eta egiaztatuko da Bulegoak horiek ikertzeko eskumena duen.
Bulegoan salaketa aurkezteak ez du berez interesdun izaera ematen.
Salaketa faltsua aurkezteak erantzukizun zibil, penal edo administratiboa ekartzen ahal dio salatzaileari.
Iruzur, ustelkeria edo interes gatazkei edo interes orokorraren kontra dauden edo funts publikoen kudeaketan eragina duten administrazio-praktika txarrei buruzko informazioa eman dakioke Bulegoari.
Bulegoaren jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Foru Sektore Publiko Instituzionala da, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta haien mendeko entitateak barne; Nafarroako toki-erakundeak eta haien sektore publikoa; eta alderdi politikoak, sindikatu- eta enpresa-erakundeak eta lotutako fundazio eta elkarteak, kasu honetan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 4. 1.e) artikuluan ezarritako moduan.
Bulegoak ez du eskumenik agintaritza judizialari edo fiskaltzari dagozkion gaietan, eta ezin ditu ikertu erakunde horiek jada ikertu dituzten gertakariak.
Bulegoak ezin du iruzur fiskal edo soziolaboralari dagokionez jardun, ez eta iruzur pribatuei dagokienez ere.
Bulegoak ez du eskumenik agintaritza judizialari edo Fiskaltzari dagozkien gaietan, eta erakunde horiek ikertu dituzten egitate berak ezin ditu ikertu.
Agintaritza judizialak edo Fiskaltzak prozedura bati ekiten badiote egitate batzuen garrantzi penala zehazteko eta Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa jada ikertzen ari bada egitateak, Bulegoak bere jarduketak eten beharko ditu eta bere esku duen dokumentazio guztia haien esku utziko du berehala, eta agintari eskudunak eskatutako laguntza emanen du.
Salaketak salatzaileak duen informazio guztia jaso behar du, edo hura eskuratzeko iturriak eman, salatzaileak ezagutzen baditu; zehazki, honako hau jasoko du:
- Salaketa eragin duten egitateen deskribapena.
- Salatutako administrazioa edo sektore publikoko erakundea eta, halakorik bada, salatutako pertsona.
- Salatu aurretik emandako urratsen azalpen laburra.
- Salatutako egitateak eta erantzuleak ezagutzeko baliagarria izan daitekeen beste edozein informazio.
- Salatzailearen izen-deiturak, NANa, posta-helbidea eta telefonoa, salaketa anonimoa ez bada.
Salatzaile edo informatzaile orok eskatu ahal izango du bere nortasunaren gaineko konfidentzialtasuna gordetzeko, eta Bulegoak konpromisoa hartuko du, idatziz, haren nortasuna ez ezagutarazteko eta haren datuak isilpean gordetzeko, salbu eta administrazio-prozedura baten edo prozesu judizial baten esparruan legeak kontrakoa agintzen badu.
Bulegoak aholku emanen dio salatzaileari, eta begiratuko du salaketa jartzearen ondorioz haren lan edo lanbide baldintzetan okerrera ez egiteko.
Bulegoak jakiten duenean salatzaileak edo informatzaileak larderiak edo errepresaliak jasan dituela, egoki diren ekintza zuzentzaile edo berrezartzaileak gauzatuko ditu agintari eskudunen aurrean, eta horien berri emanen du urteko memorian. Salatzaileak Bulegoari aholkua eskatzen ahalko dio salaketa dela-eta haren kontra jartzen diren prozeduretan.
Bulegoari dagokio salaketa kalifikatzea, salaketa jartzen duen pertsonari babesa ematearen ondorioetarako, maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 9. eta 24. artikuluak aintzat hartuta; babes hori emanen da salatzaileak inguruabar hauek betetzen dituenean:
- Behar den zintzotasunaz aritu bada eta arrazoizko motiboak baditu pentsatzeko iruzurra, ustelkeria edo interes gatazka eragiten ahal duten egitateei buruzko informazioa egiazkoa dela salaketa jartzeko unean.
- Informazioa maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen aplikazio eremuan sartzen bada.
- Salaketa aurkeztu badu barne edo kanpo kanaletatik, edo salaketa plazaratu badu.
Salaketaren egilea babesteko neurrietatik kanpo geratzen dira informazio faltsua, nahasia edo era ez-zilegian lortutakoa ematen duten pertsonak, edo herritar guztientzat osorik eskuragarri dagoen informazioa ematen dutenak.
Babes horrek ez du inoiz salaketa jarri duen pertsona salbuetsiko salatutako egitateak ez diren bestelako egitate batzuengatik bere gain hartu behar dituen erantzukizunetatik.
Babesa jasotzen duen salatzailea eskubide hauen jabe izanen da:
- Aholkularitza osoa, independentea, eskuragarria eta doakoa izateko eskubidea, prozedurei buruz eta eskura dauden baliabideei buruz, errepresalien aurkako babesari buruz, eta gaiak ukitutako pertsonaren eskubideei buruz.
- Bere salaketak eragindako ikerketa prozeduraren tramitazioaren egoera ezagutzeko eskubidea, eta halaber, prozedura horretan emandako egintzen eta ebazpenen berri izatekoa, salbu eta sekretua gordetzeko agindua ematen bada, ikerketa ongi burutu ahal izateko.
- Bulegoaren aurrean aurkeztutako salaketaren amaieran ebazpen espresua eta arrazoitua izateko eskubidea, maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legean ezarritako terminoetan eta epeetan.
- Errepresaliarik edo inolako kalterik edo bazterketarik ez izateko eskubidea, aurkeztutako salaketaren ondorioz, eta haien aurrean babesa izateko eskubidea. Bulegoko zuzendariak agintari eskudunen aitzinean sustatzen ahalko ditu egoera zuzentzeko edo berrezartzeko ekintza egokiak, eta jasota utziko ditu urteko memorian.
- Bulegoaren aholkularitza juridikoa eta abokatuaren defentsa izateko eskubidea, aurkeztutako salaketaren ondorioz salaketa egilearen aurka hasten ahal diren prozedura administratibo, zibil nahiz zigor arlokoetan.
- Laguntza finantzarioa eta psikologikoa izateko eskubidea, Bulegoak hala ebazten badu, salaketa jarri ondorengo egoera baloratu ondoren.
Babesa emanen da Bulegoko zuzendariaren ebazpen baten bidez, ikerketa eta ikuskapen prozedura hasteko ebazpena eman ondoren, salaketa egilearen eskaera arrazoituari erantzunez, eta eskatutako babesa emateko garrantzitsutzat jotzen diren egitateak eta inguruabarrak egiaztatu ondoren, maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen 24. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Salaketa egileari babesa emateko ebazpenak jasotzen ahalko du, salaketa aurkeztearen ondorioz errepresaliarik sortu baldin bada, Bulegoaren agindu bat, egokiak iruditzen zaizkion ekintzak abiarazteko, egoera zuzentzeko edo berrezartzeko.
Babesa izateko denbora luzatzen ahalko da, era arrazoituan, ikerketa prozedurak amaitu ondoren ere, beharrezkotzat jotzen bada, kasuan kasuko egoera aintzat hartuta.
Babesa ematen ahalko zaie ondoren aipatzen diren pertsonei: erregelamendu honen 50. artikuluan aipatzen den salaketa-egilea, lekukoak eta perituak, eta orobat, haien ezkontideak edo antzeko harreman afektibo batez haiekin lotura dutenak, bai eta haien ondorengoak ere, errepresaliak edo ekintza kaltegarriak jasateko arriskua badute, aurkeztutako salaketaren ondorioz, emandako lekukotzaren ondorioz edo peritu-txostena ematearen ondorioz.
Salaketa egin duen pertsonari babesa emateko ebazpena eragin zuten arrazoiak zuzendu direla egiaztatuta, emandako babesa kentzeko ebazpena emanen du Bulegoko zuzendariak.
Salaketa-postontzira bidalitako komunikazioa edo salaketa tramitera onartu ahal izateko, ahalik eta zehatzen deskribatu behar dira inguruabarrak iruzurrezko jarduera identifikatzeko.
Nolanahi ere, ez dira onartuko iritzi pertsonaletan oinarritutako komunikazioak, hau da, behar adinako oinarriak ez dituztenak, ezta nabarmen faltsuak direnak ere.
Salaketa bat onartzen ez denean edo artxibatzen denean, Bulegoak salatzaileari jakinaraziko dio, egoki baderitzo informazioa beste agintaritza bati helaraz diezaion.
Salaketa postontziaren edo kanpo kanalaren bidez aurkeztu ondoren, salatzaileek jaso izanaren agiria jasoko dute, salaketa egin dela baieztatzeko. Jaso izanaren agiriak sarrera kode alfanumeriko bat du salaketa anonimoaren kasuan. Kode hori da salaketa anonimoetan espedientea eskuratzeko modu bakarra, eta salatzailearen erantzukizuna da hura gordetzea.
Komunikazio elektronikoko kanal seguru horrek komunikazioen konfidentzialtasuna bermatzen du, anonimotasuna gordetzeko aukera ematen du, eta, egitateak egiaztatzeko, Bulegoarekin lankidetzan aritzea ahalbidetzen du, ikerketa-funtzioa erraztuz. Postontziaren edo salaketa-kanalaren bidez egindako informazio-eskaerei ez erantzuteak jarduerak artxibatzea ekar dezake.
Ikerketa- eta ikuskapen-jarduketen hasiera egitateen egiazkotasun-zantzu arrazoizkoak daudenean baino ezin izango da erabaki.
Salaketak ez badu aurkezten tramitatzeko behar den gutxieneko informaziorik, salaketa aurkeztu duen pertsonari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta beste tramiterik gabe artxibatuko dela.
Bulegoak, salaketa jaso eta hurrengo zazpi egunetan, jaso izanaren adierazpena eginen du, salbu eta salaketa aurkeztu duenak espresuki besterik eskatzen badu, edo agintaritza eskudunak modu arrazoituan uste badu salaketa jaso izanaren adierazpenak salaketa aurkeztu duen pertsonaren nortasunaren babesa zailduko lukeela.
Salaketa aurkeztu eta hurrengo bi hilabeteko epean, ikerketa prozedura hasteko ebazpena eman beharko da, edo bestela, salaketa ez onartzeko edo artxibatzeko ebazpen arrazoitua, eta pertsona interesdunari jakinaraziko zaio.
Epe hori etenik geratuko da Bulegoak informazio gehigarria eskatzen dionean salaketa egin duen pertsonari.
Eskaera, salaketa edo komunikazioa zuzentzen bada, edo haiekin lotutako datu edo egitate berriak eransten badira, aurreko apartatuan aipatutako bi hilabeteko epean, berriz irekiko da bi hilabeteko epe berri bat, egiaztatu ahal izateko sinesgarritasun zantzu arrazoizkoak ba al diren, salaketa, komunikazio edo ikerketa eskaeraren xede izan diren egitateen edo jokabideen inguruan. Salaketa egin duen pertsonari informazio gehigarria eskatzen badio Bulegoak, bi hilabeteko epea eten eginen da, eta berriro jarraituko du eskatutako informazioa jaso orduko.
Ez dira tramitera onartuko, eta nolanahi ere, egiazkotasuna frogatzeko betebeharretik kanpo geratzen dira salaketa eta komunikazio hauek:
- Funtsik gabeak direnak edo nabarmen faltsuak.
- Bulegoaren jarduketa eremutik kanpo geratzen direnak.
- Agintaritza judizialak, Fiskaltzak edo polizia judizialak ikertzen ari direnak.
- Oinarrian iritziak edo funts gutxiko informazio orokorrak dituztenak, eta egitate edo datu konkretuen ingurukoak ez direnak.
Salaketa edo komunikazio bat artxibatzea egokia izanen da kasu hauetan:
- Egitate eta jokabide horiei buruz dagoeneko ikerketa egiten ari bada edo lehen egin bada, agintaritza judizialaren edo Fiskaltzaren eskutik.
- Egitate eta jokabide horiei buruz lehendik ikerketa jarduketarik egin bada Bulegoaren aldetik.
- Salaketa edo eskaeraren xede diren egitate edo jokabideen inguruan egiazkotasun zantzu fidagarririk ez dagoenean.
- Salaketa, komunikazioa edo eskaera arrazoitua osatu ez denean, haren sendotasuna ukitzen duten akatsak edo okerrak zuzentzeko errekerimendua egin ondoren.
Salaketa bat ez bada onartzen edo artxibatzen bada, salaketa egin duen pertsonari jakinaraziko zaio dagokion ebazpena.
Salatutako egitateen gaineko ikerketa Bulegoaren eskumena ez denean, gai horren gainean eskuduna den entitatearen esku jarriko da salaketa.
Salatutako egitateak zigor arloko arau-hauste penala izaten ahal badira, Fiskaltzaren edo organo judizial eskudunaren esku jarriko dira.
Hasteko ebazpena dagokion prozeduran interesdunak diren pertsonei eta salaketa egin duten pertsonei jakinaraziko zaie.
Ikerketa jarduketak Bulegoko zuzendariak Bulegoko langileen artean izendatuko dituen langileek eginen dituzte, hasteko ebazpenetik gehienez sei hilabeteko epean, salbu eta kasuaren konplexutasunak luzatzea gomendatzen badu; orduan, erabaki espresua eta arrazoitua eman beharko da, gehienez beste sei hilabetez luzatzeko.
Ikerketa espedienteak jarduketa eta dokumentu multzo ordenatu batez osatuko dira, bertan jasota prozeduran emandako ebazpen, jakinarazpen, akta, izapide, irizpen, eta bestelako dokumentu guztiak. Dokumentuak idatziz emanen dira, bitarteko elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu adierazteko eta jasotzeko beste modu egokiagoren bat.
Bulegoak elkarrizketa pertsonala eskatzen ahalko die jarduketen xede diren egitateei buruzko informazio adierazgarria ematen ahal dioten pertsona guztiei; bitarteko egokia erabiliz eginen da elkarrizketa. Bidean den jarduketa batetik ondorioztatzen bada egitate horiekiko inplikazio indibiduala duela pertsona batek, eta ikerketak eskatzen badu pertsona horri elkarrizketa egitea, Bulegoaren aurrean agertzeko deia igortzen ahalko zaio pertsona horri, behar den aurrerapenarekin, betiere hogeita lau ordutik gorakoa, eta jakinarazi beharko zaio konfiantzako pertsona batekin edo egokia iruditzen zaion profesionalaren laguntzaz agertzen ahal dela. Elkarrizketa pertsonalera justifikaziorik gabe agertzen ez bada inor, dagozkion erantzukizunak eskatuko zaizkio, eta horrek ez du galaraziko jarduketekin aurrera jarraitzea.
Prozedura izapidetu ondoren, eta ebazpen-proposamena idatzi aurreko unean doi, ikertutako entitateei edo ukitutako pertsonei jakinaraziko zaie ikerketaren behin-behineko txostena, beren alegazioak edo oharrak aurkez ditzaten, hamar egun balioduneko epean, salbu eta sekretua gordetzeko eskatzen bada, ikerketa ongi burutu ahal izateko.
Ikerketa prozeduraren tramitazioa bukatu ondoren, eta aurreko artikuluan aipatzen den azken ikerketa txostenean oinarrituta, ikerketaren ardura duen pertsonak ebazpen proposamena helaraziko dio Bulegoko zuzendariari, eta han proposatuko du honako jarduketa hauetako bat:
- Prozedurari amaiera ematea, jarduketak artxibatuta.
- Prozedura zehatzaile bat hastea, maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoarekin bat.
- Fiskaltzaren esku uztea hasitako jarduketa guztiak, egindako ikerketaren ondorioz antzematen badira ustez delitua izan daitezkeen jokabideak edo egitateak.
- Kontuen Auzitegiaren jurisdikzioari berri ematea, Nafarroako Kontuen Ganberari buruzko abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legean ezarritako bidetik, baldin eta egindako ikerketatik ustezko kontabilitate erantzukizun bat, zuzena nahiz subsidiarioa, ondorioztatzen ahal bada.
- Organo eskudunari jakinaraztea, araudi sektorialaren gaineko arau-hauste zantzuren bat sumatu bada.
- Erregelamenduak, zirkularrak eta jarraibideak taxutzeko edo aldatzeko proposatzea, bere eskumenaren esparruan.
- Hainbat gomendio ematea administrazioei eta entitate publikoei, egoki irizten diren neurriak har ditzaten, eta haietan iradokiz irizpideak aldatu, deuseztatu edo berriak eranstea, disfuntzioak saihesteko edo jardunbide administratiboak hobetzeko, detektatu diren jokabide irregularren kasuetan eta haien arrisku eremuetan.
Ebazpen proposamena ikusirik, Bulegoko zuzendariak ebazpen arrazoitua emanen du, proposamena jaso eta hamar egun balioduneko gehieneko epean.
Ikerketa txostenak, ikerketa prozedurari amaiera emateko ebazpenak, gomendioak emateko ebazpenak, edo jarduketak organo eskudunaren esku uzteko ebazpenak ez dira errekurritzen ahalko. Ikerketa prozeduraren esparruan egiten diren komunikazioak edo errekerimenduak ere ez dira errekurritzen ahalko. Horiek guztiak, egindako ikerketaren ondorioz hasitako prozedura zehatzaileari amaiera ematen dion ebazpena aurkaratzeko aukera ukatu gabe.
Bulegoak egiaztatuko du agintaritza eskudunek gomendatutako neurriak aplikatzen dituztela, eta horren jarraipena egiteko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu. Horretarako, Bulegoak oroit-oharrak igortzen ahalko dizkio entitate ukituaren agintari gorenari, eta emandako gomendioak inplementatzeko plan bat erakusteko eskatzen ahalko dio, non jaso beharko dituen ekintzak, epeak eta aurrera eraman beharreko jarduketa bakoitzaren ardura duten pertsonak, edo bestela, proposatutako neurriak hartzea galarazten dioten arrazoiak.
Agintari eskudunek proposatutako gomendioak aplikatzen ez badituzte, eta hori justifikatzen ez badute, Bulegoak egoera hori jasoko du urteko memorian, edo Parlamentura bidaliko duen txosten berezi batean, hala badagokio.