Skip to main content
imagen de la noticia LAS AUTORIDADES ANTIFRAUDE AUTONÓMICAS SE REUNEN PARA ANALIZAR EL PROYECTO DE LEY DE  PROTECCIÓN DE LAS PERSONAS QUE INFORMEN SOBRE INFRACCIONES NORMATIVAS Y DE LUCHA CONTRA LA CORRUPCIÓN
01 Jun

Iruzurraren aurkako agintaritza autonomikoak elkartu dira arau-hausteei buruzko informatzaileak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko lege-proiektua aztertzeko

Iruzurraren aurkako agintaritza autonomikoen titularrak 2023ko urtarrilaren 18an bildu ziren, Palman, arau-hausteei buruzko informatzaileak babesteko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko lege-proiektua aztertzeko. Lege-proiektu horren tramitazioa, gaur egun, Senatuan dago, Diputatuen Kongresuak 2022ko abenduaren 22an onetsi ondoren.

Arau horren bidez, Europako 2019/1937 (EB) “Whisleblower”  Zuzentarauaren transposizioa egiten da Espainiako zuzenbidean, eta haren helburua da lan edo lanbide testuinguru batean arau-urratzea eta ustelkeria dakartzaten portaerak, bereziki funts eta baliabide publikoetarako kalte ekonomikoak eragiten dituztenak, modu anonimoan edo ez salatzen dituzten pertsonak babestea eta haien kontrako errepesaliak saihestea.

Bileran, Diputatuen Kongresuan onetsitako proiektuan sartutako zuzenketak aztertu ziren, baita iruzurraren aurkako bulego autonomikoek jendaurreko aldian aurkeztutako alegazioak zenbateraino sartu diren ere. Alegazio horien helburu nagusia zen indarrean dauden araudi autonomikoek ustelkeriaren aurkako borrokan bermatutako babes-maila ez murriztea.

Azterketan egiaztatu da agintaritza autonomikoek planteatutako alegazioak hein batean sartu direla, baina, hala ere, mantendu egin diren irizpideek mugatu lezakete agintaritza horien  jarduteko gaitasuna, eskumenak zentralizatzen baititu sortuko den Estatuko agintaritza independentean. Horregatik, eskatzen da agintaritza autonomikoek parte-hartze aktiboagoa izan dezatela.

Beste kezka bat da legearen aplikazio-esparru materiala. Hauxe da: “arau-hauste penal edo administratibo larria edo oso larria dakarten ekintzak edo omisioak”. Horren ondorioz, jokabide asko aplikazio-esparrutik kanpo daude, eta jokabide horiek, arinak izan arren, garrantzitsuak dira, batez ere erakundeen integritatea sustatu nahi bada. Horregatik, argituko beharko dira lege autonomikoetan jaso bai baina lege-proiektuan jasotzen  ez diren arau-hausteetan aplikatu beharreko prozedurak.

Autonomia-araudiak onetsiko den legera egokitzeari dagokionez, lankidetzan aritzeko eta eskumenak ituntzeko mekanismoak ireki beharko dira erakundeen artean, mekanismo horiek eraginkorrago bihurtuko baitituzte herritarrak babesteko eta baliabide publikoak optimizatzeko aurreikusitako neurriak.

Bilera Balear Uharteetako Parlamentuan egin zen, eta honako hauek parte hartu zuten: Miguel Ángel Gimeno Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoko zuzendaria, Joan Llinares Valentziako Iruzurraren Aurkako Agentziako zuzendaria, Ricardo Vicente Puyol Andaluziako Iruzurraren eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoko zuzendaria, Edurne Eginoa Antxo Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoko zuzendaria, eta Cristóbal Milán Balear Uharteetako Ustelkeriaren Aurkako Prebentzio eta Borrokarako Bulegoa.