Iruzurraren Aurkako Agentzia eta Bulegoen Estatuko Sarearen XI. Topaketa
Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak parte hartu du Iruzurraren Aurkako Agentzia eta Bulegoen Estatuko Sarearen XI. Topaketan. Topaketa hori Cartagenako Unibertsitate Politeknikoan egin zen, 2022ko irailaren 28tik 30era, Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren Nazioarteko VII. Biltzarraren esparruan.
Topaketan bi saio egin dira, eta bulegoek eta agentziek eztabaidatu eta hausnartu dute urriaren 23ko 2019/1937 Europako Zuzentarauaren transposizioaz; izan ere, Batasuneko zuzenbidearen arloko arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa finkatzen du zuzentarau horrek (Whistleblowing Zuzentaraua). Ministroen Kontseiluak arau-urratzeei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa eta ustelkeriaren aurkako borroka arautzen duen lege-proiektua onetsi zuen, eta Diputatuen Kongresura bidali zuen Parlamentuan tramita dadin.
Estatuko Sarea osatzen duten erakundeek XI. Topaketaren ondoriozko baterako adierazpen instituzionala aurkeztu dute.
Testuak dio ustelkeriaren aurkako borrokak berekin dakarrela ahaleginak modu koordinatuan egitea, eta funts eta baliabide publikoak egoki eta zorrotz kudeatzea, interes orokorra asetzeko. Koordinazio horri esker, ustelkeria baztertzeko kultura sozial bat sendotuko da, gizarte demokratiko aurreratu baten eta herritarrek erakunde eta administrazio publikoetan duten konfiantzaren isla, administrazioen zerbitzura lan egiten dutenen eredugarritasunaren bidez.
Honako hauek sinatu dute aitorpena: Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoa, Bartzelonako Metropolialdeko Gardentasun Agentzia, Valentziako Iruzurraren Aurkako Agentzia, Balear Uharteetako Ustelkeriaren Aurkako Prebentzio eta Borrokarako Bulegoa, Andaluziako Iruzurraren Aurkako Bulegoa eta Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoa.
Iruzurraren Aurkako Agentzia eta Bulegoen Estatuko Sarearen XI. Topaketako adierazpen instituzionala (PDF 251 KB)